XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5 Entzun ezin diren soinu-hotsak

-...

Uretara botatzen dudan harria, gorputz elastiko batean ematen dudan kolpearen parekoa da.

Airean ere uhinak edo bibrazioak sortzen dira.

Bibrazio horiek gure belarrietara iritsi eta soinu-hotsak sortzen dizkigute.

Ez dago esan beharrik haize-uhin horiek ikustezinak direla...

-Lastima esan zuen Nereak.

-Polita litzateke horiek ere ur-uhinak bezala ikusteko aukera izango bagenu.

-Orduan harrituko zinateke soinu-uhinen kopurua ikusita! Ez bailirateke guk entzuten ditugunak bakarrik izango...

-Guk entzundakoez gain ere ba al dira ba? galdegin zuen Alexanderrek.

-Bai horixe, eta asko gainera.

-Gure belarriek munduan diren soinu-hotsen parte bat besterik ez dute entzuten.

-Uhin edo bibrazio horiek neurri bat dute, pertsona bakoitzaren hatz-aztarnen antzera.

-Badira bibrazio asko, altuak edo baxuak izateagatik gure belarriak sumatzen ez dituenak.

-Nolabait esan, pasatu egiten dira gure aurretik...

-Inoiz ikusi al duzue polizi txakur bat nola trebatzen den?

-Ez?

-Trebatzaileak guri mutua iruditzen zaigun txistu bati egiten dio putz.

-Guk ez dugu entzuten, baina txakurrak berrehun edo hirurehun metrora entzun eta erreakzionatuko du...

-Orduan, pertsonak entzuten ez dituen soinu-hotsak entzuten ditu? galdetu zuen Alexanderrek.

-Bai, eta seguruenik gure unibertsoa gizakiak inoiz entzun ez dituen soinu-hotsez beterik dago...

-Beharbada egunen batean...

-Beharbada erantzun nion, zientziek aurrerapauso handiak eman dituztenez...

Baina itzul gaitezen gure belarriek entzun ditzaketen soinu-hotsetara.

Musikan hauek bakarrik erabiltzen baitira.

Ur-uhinez esandako guztiak balio digu soinu-uhinentzat.

Zenbat eta indar handiagoz sortu, orduan eta soinu-hots indartsuagoa eta iraunkorragoa...